Telefonoa
Ordutegia
Astelehenetik ostiralera:
9:00etatik 14:00etara

Ondarea

KEXAAKO MONUMENTU MULTZOA

Museoak haraneko familiarik garrantzitsuenaren –hots, Aialatarren– historia ematen du ezagutzera; izan ere, Kexaan dago leinu horren sorlekua.

Kexaako Monumentu Multzoan dago; hain zuzen, Fernan Perez de Aialaren jauregia izandako XIV. mendeko eraikinean. Dokumentu, irudi, maketa eta objektu ugariz gain, komentuan 600 urte baino gehiagoz kontu handiz gordetako zenbait artelan ere ikus ditzakegu.

Museoaz gain, hau ere ikus dezakegu multzoan:

  • Cabelloko Andre Mariaren kapera dorrea: kaperaren erdian, Pedro Lopez de Aiala kantzelariaren eta haren emazte Leonor de Guzmanen alabastrozko figura etzanak daude. Kaperaren toki nagusian, erretaula eta frontal gotikoak daude, XIV. mendekoak. Jatorrizkoen kopiak dira; izan ere, Chicago Art Institute delakoan daude jatorrizkoak.
  • San Joan Bataiatzailearen eliza: XV. mendearen hasieran hasi ziren egiten. Erretaula barroko izugarria du, tertzeletezko ganga ederra, eta kantzelariaren seme eta errain Fernan Perezen eta Maria Sarmientoren hilobi estatuak daude.
  • Ama Domingotarren komentua: Fernan Perez de Aialak fundatu zuen, eta, horretan, XIV. mendetik, Monumentu Multzoa iraunarazi dute mojek; izan ere, mendeetan zehar, artxiboa eta kultur eta espiritu arte eta ondarea zaindu dute.

DORRETXEAK

Eskualde osoan, 50 dorretxe baino gehiago daude, eta horietako gehienak Aiarako udalerrian daude.

Babes eta egoitza eraikinak ziren, baina, egunean egun, funtzio hori galdu dute, eta hainbat gauzatarako erabiltzen dira: bizitzeko, erakusketak egiteko, zerbitzuetarako, etab. Horregatik, eraikin horietako batzuk zaharberritu izan dira; alabaina, erabilera zehatzik gabeko eraikinak ere badaude, eta, denboraren poderioz, gero eta hondatuago daude. Hauek dira dorretxe garrantzitsuenak:

  • Zubiete dorretxea (Llanteno)
    Ibaizabal ibaiaren ondoan dago, zubiaren ondoan. XVII. mendean zaharberritu zuten, eta, beraz, horren jatorrizko eraikina desitxuratuta geratu zen, neurri batean. Fatxadan, Murga-Salazartarren armarria dago.
  • Murga dorretxea (Murga)
    XIII. mendearen amaieran egin zuten, eta, 1984an, Monumentu Historiko Artistiko izendatu zuten. 1993an zaharberritu zuten. Dorretxe horri, XVI. mendean, jauregi bat gehitu zioten; agian, garai hartan galdu zituen babes elementuak. Dorretxea harlangaitzezkoa eta harlanduskozkoa da, baina azken solairua eta ganbara adreiluzkoak dira. Atxikitako jauregian, material berak erabili ziren, baita goialdeko adreilua ere. Fatxada nagusiko eta ezkerreko hegaleko behealdeko arku multzoa azpimarratu behar da. Bi armarri daude eraikinean, eta, horietatik, fatxadakoa nabarmentzen da, faktura eta tamainagatik.
  • Negorta dorretxea (Zuaza)
    Aiarako etxebizitza dorretxerik adierazgarrienetako bat da. Oinplano karratukoa da, bi solairukoa, eta zurezko hegal bat du, harrizko ukondoen gainean. XV. mendearen amaierako edo XVI. mendearen hasierako eraikina da, eta 1996an zaharberritu zuten.
  • Txabarri dorretxea: Zuazarako bidean dago.
  • Iruro dorretxea (Maroño)
    Horrez gain, eraikin berriagoak daude eskualdean, neoklasikoak. Horien artean, hauek aipatu behar dira: Arana–Andrakatarren jauregia (Luiaondo), Urkijo jauregia (Zuaza), Aiarako udaletxea (Arespalditza), Atxa jauregia (Arespalditza), Aretxa jauregia (Menagarai) eta Cerrajería jauregia.

ERLIJIOKO ARKITEKTURA

Aiarako udalerriko biztanleria gune gehienek beren eliza edo ermitak kontserbatu dituzte. Tenplu horietako batzuk bereziki garrantzitsuak dira, beren balio artistikoagatik. Honako hauek aipatu behar dira:

  • San Bizente eliza (Añes)
    1128an sagaratu zuten, eta XIII. mendean zaharberritu. Zaharberritze lanetan, goitik behera aldatu zuten Erdi Aroko eraikina. Oinplano angeluzuzenekoa da, eta XII. mendeko portada erromaniko interesgarri bat kontserbatu du, eraikuntza prerromanikoko horma batean.
  • Andre Mariaen parrokia (Arespalditza)
    1095eko dokumentuetan aipatua, XIII. mendeko portada erromanikoagatik nabarmentzen da. Eskuinaldean, hilarri bat dago, eta, horretan, monje baten irudiaz gain, idazkuna eta 1167ko data daude. Erretaula barrokoa da, XVII. mendekoa. Erdi Aroko bi hilobi daude parrokian, harrizkoak: Don Bela konde santuarena eta haren seme Bela Velasquezena. Lehen aialatarrak ziren, XII. mendekoak.
  • Andre Mariaren Sorkunde Garbiaren parrokia (Agiñiga)
    Lau angeluko forma du. Tertzeletezko ganga gotikoak azpimarratu behar dira, bai eta Errenazimentu berantiarreko pintura apainketak ere.
  • Etxaurrengo Andre Mariaren santutegia (Menoio)
    XVIII. mendean egin zuten. Zurezko teilatuko elizpe luze bat du, eta kanpai hormako kanpandorrea, eta, barruan, erretaula barroko bat. Muino baten gainean dago santutegia, eta, horretatik, oso bista ederrak ikusteko aukera izango dugu.

TOKI ADMINISTRAZIOKO ELEMENTU SINBOLIKOAK

  • Zaraobeko zelaia (Olabezar)
    Esparru horretan, Aiarako Forua onartu zen XIV. mendean. Bertan, Aiarako Haraneko batzarrak bildu eta tokiko agintariak aukeratzen ziren. Muino baten gainean dago, almenadun horma batez inguratuta. Harrizko mahai bat eta eserleku batzuk ikusiko ditugu bertan, Euskal Herriko lekurik ohoratuenetako baten adierazgarri.
  • Malato Zuhaitzaren omenezko monumentua (Luiaondo)
    Harrizko gurutze bat da, eta zaldun, ezkutari eta kapareek Bizkaiko Jaunari soldatarik kobratu gabe noraino lagundu behar zioten adierazten du. Monumentuaren oinean, idazkun hau irakur daiteke: Hemen, istorioek eta Bizkaiko Jaurerriko Foruko lehen tituluko bosgarren legeak aipatzen duten Malato Zuhaitz gogoangarria zegoen. 1730. urtea.

LANDAKO EGOITZA ARKITEKTURA ZIBILA: BASERRIAK

Udalerri osoan, baserri kopuru aparta dago. Euskadiko Atlantikoko isurialdeko landa arkitekturaren erakusgarriak dira. Eskualde osoan, ia 250 baserri daude Euskal Autonomia Erkidegoaren Ondasun Higiezinen Katalogoan, eta horietako asko Aiaran daude.

Tamaina handiko baserri ederrak dira, eta, arkitekturari dagokionez izan dezaketen interesetik haratago, benetako altxor etnografikoa osatzen dute, haiekin lotutako elementuak direla eta (labea, siloa, baratzeak, zuhaiztiak, ukuiluak, azienda, etab.).

Zenbait biztanle gune azpimarratu behar ditugu; hala nola, Izoria, Murga, Olabezar eta Maroño.

Helbidea
Elexalde auzoa, 3
01476 · Arespalditza
Telefonoa
Ordutegia
Astelehenetik ostiralera:
9:00 etatik 14:00 etara
Faxa
+34 945 39 93 31